2023/01/23

Etxebizitzari buruzko herri-batzarra urtarrilaren 28an

Datorren urtarrilaren 28an, larunbata, etxebizitzari buruzko herri batzarra egingo da goizeko 11:00etan Udaletxeko Ganbaran

 

Azkenaldian herritarren artean asko aipatzen den gaia da etxebizitzarena eta Udalak lehentasuna eman nahi dio gai honi, despopulazioari aurre egiteko ezinbestekoa baita herrian dagoen eskaerari erantzuna ematea. Batzar honetan hurrengo hilabeteetan martxan jarriko diren egitasmo edo proiektu desberdinen berri emango da.

Ospitala eraberritzeko aukera

Ospitaleko proiektua aurrera ateratzeko lanean dihardu udalak. Nasuvinsaren laguntzarekin, Navarra social housing planaren bidez eraikina eraberritu eta etxebizitzak alokairuan jartzeko aukera dago. Baina aurretik, beharrezkoa da Nasuvinsak duen datu basea eguneratzea, goizuetarrek dituzten beharrak ezagutu ahal izateko. Izan ere Goizuetan oso jende gutxi dago Nasuvinsako datu basean alta emanda. Batzarrean bertan datu base honetan alta emateko aukera eta laguntza eskainiko da.

 

Etxebizitza berriak egiteko proiektua

Horretaz gain, promotore pribatu batek herrian etxebizitzak eraikitzeko martxan jarri nahi duen proiektua ezagutzera emango da batzar honetan.

 

Galdetegia herritarren beharrak ezagutzeko

Herritarren beharrak zeintzuk diren jakiteko, galdetegi bat pasako zaie batzarrera bertaratzen direnei eta ondorengo astean ere aukera izanen da galdetegi hau betetzeko.

Herriaren etorkizunerako garrantzitsuak izan daitezkeen ekarpen eta proposamenak jasotzeko gunea izanen da batzar hau; hortaz, Udalak herritar guztiei gonbitea luzatzen dizue urtarrilaren 28an bertan egoteko.