2022/05/13

Goizuetako udala Plazaola Partzuergo Turistikoan sartu da

Partzuergoak bederatzi udal eta ehun enpresa pribatu biltzen ditu dagoeneko

Plazaolako Turismo Partzuergoko Batzar Nagusiak berretsi egin zuen maiatzaren 12an Administrazio Kontseiluak apirilean hartutako erabakia, Goizuetako Udalak erakunde turistikoan sartzeko eskatu zuenean. Horrela, Areso, Araitz, Arakil, Imotz, Irurtzun, Larraun, Leitza eta Lekunberriko udalekin batera, partzuergoko kide izango da hemendik aurrera Goizuetakoa ere.

Plazaola Partzuergoak harreman estua izan du Mendialdea eskualdeko udalekin azken lau urteetan, eta, bereziki, 2021ean, non bertako udal guztiei irekitako parte-hartze prozesua bultzatu baitzen, hurrengo urteetarako estrategia turistikoa zehazteko. 2019an Araizko eta Irurtzungo udalak sartu ziren partzuergoan eta, orain, 2022an Goizuetak egin du.

Izan ere, partzuergoa apustu garrantzitsua egiten ari da erakundea indartzeko, eta, horrekin batera, turismo-helmuga indartzeko ere, baliabide berriak eta eskaintza turistikoari erakargarriak gehituz. Goizueta natur balio apartekoa duen lurraldea da (Artikutzako basoak, mendi gailur ezagunak, hala nola Loitzate edo Mandoegi, Urumea ibaiaren ertzak, etab.). Eta eskaintza honi, bertako kulturaren eta ondarearen beste elementu batzuk gehitzen zaizkio, hala nola, tradizio pilotazalea, inauteriak, ibilbide megalitikoak, tokiko-arkitektura, euskara, etab. Balio horiek guztiek erakargarritasun handia dute bisitarien artean, eta, zalantzarik gabe, Plazaolaren lurralde osoko eskaintza turistikoa aberasten lagunduko dute.

Entitatearen saneamendua eta kide pribatu berriak

Goizueta, gainera, Partzuergoak saneamendu prozesua bukatzen duen unean sartu da. Prozesu horri aurre egiteko 2019an eskatu zuen mailegua orain gutxi amortizatu egin da. Garai hartan kide ziren udalek bere gain hartu zituzten beste neurri batzuk, hala nola kuotak handitzea eta udal horiekin sortutako zorra barkatzea.

Gainera, azken urte eta erdian kide pribatuen kopuruak gora egin du. 2020. urtea, COVID pandemiaren unerik txarrenek markatua, bereziki zaila izan zen eta negozio batzuk baja eman zuten partzuergoan (gehienetan, jarduera uzteagatik). Baina, zailtasunak zailtasun, 2021aren hasieratik pixkanaka sartzeko eskaera berriak ari dira jasotzen, besteak beste, eskualdean sortutako negozio berri batzuk.

Kasu honetan, gainera, eskaintza pribatua handitzeak eragin handia eta berezia du eskualdeko zerbitzu eta produktu turistikoen eskaintza dibertsifikatu eta aberasteko.

Hori guztiak, hiru urte beranduago, Partzuergoari finantza-osasun ona izateko aukera eman dio, eta horrek, zalantzarik gabe, erakundeak datozen urteetarako ezarri nahi dituen estrategia eta erronka turistikoak garatzen lagunduko dio.

2022-2030 estrategia turistikoa eta ekintza-plana

Aste honetan, hain zuzen ere, Plazaola-Mendialdeko Turismo Estrategia 2022-2030 aurkeztu dute partzuergoaren egoitzan. Estrategia honek parte-hartze proiektu zabala izan zuen 2021ean eta, oraingoan, ekintza-plan batean islatu da. 2022ko ekitaldian, plan honetako lehen ekimenak garatuko ditu partzuergoak.

Lurralde bokazio nabarmena duten estrategia eta plana dira honakoak, Plazaola-Mendialdea turismo-helmuga sendotuz. Bestalde dokumentu ireki eta dinamiko gisa aurkeztu da, aldian behin ebaluatu eta berrikusi beharrekoa.

2022ko ekitaldi honetan, planean jasotako lehen ekintzak jasoko dira, eta, hain zuzen, aurtengo aurrekontuak 40.000 euro inguru bideratu ditu promozio-tresna eta -ekintzetarako (turismoko webgune berria, gida turistikoa, euskarri interaktiboak, ikus-entzunezko baliabideak, publizitatea, etab.). Izan ere, planak tresna horiek berritzearen eta promozio-edukiak eguneratzearen garrantzia azpimarratzen du.

Estrategiak eta ekintza-planak apustu argia egiten dute zikloturismoari, naturari, mendi-ibiliei eta eskualdeko ondareari lotutako produktuak garatzearen alde, baita turismo zerbitzuen eta establezimenduen lehiakortasunaren alde ere. Hori guztia transbertsalak diren irizpide hauekin bideratuta: jasangarritasuna, inklusioa eta irisgarritasuna, gobernantza eta digitalizazioa.

Arlo horietan guztietan, Turismo Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako plangintzara bideratu nahi dituzten planteamendu eta ekintza garrantzitsuak jasotzen ditu plan honek, Nafarroako eskualde turistikoen (UGET) eta Next Generation (NextNaTour) europar funtsen bidez garatzeko. Alde horretatik, Plazaola Partzuergo aktiboki lan egiten ari da Sakana-Plazaolaren Ultzamaldea UGET izeneko talde teknikoan, eskualdeko plana garatzeko.