2017/03/30

Goizuetan ere Korrika eta euskararen alde

20. Korrika ospatzen den honetan, 100€ko dirulaguntza emango dio Udalak Korrikari.

Gaur abiatu da euskararen aldeko lasterketa Otxandiotik. 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du hogeigarren aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin eta denak, helburu berdinarekin: Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea.

Udalak, 100€ko dirulaguntza emango dio aurten Korrikari. Baina horretaz gain, herritarrek ere, ekarpena egiteko beharra dago eta horretarako, egitaraua antolatu da: Apirilaren 8an Korrika ttikia eta apirilaren 9an, Iruñeara joateko autobusa.

Apirilak 8, larunbata, KORRIKA TTIKIA:

10:30-11:00 izen ematea. Lekukoa eramateko 5€-ko ekarpena eta bestela, borondatea.
11:00 Korrika ttikia

Apirilak 9, igandea, IRUÑEARA AUTOBUSA:

Korrikaren amaiera-festara joateko autobusa antolatu da. Irteera 9:00etan izango da plazatik eta itzulera 19:00ak inguru (doazenen artean zehazteko). 5€ izango da pertsonako eta gutxienez, 10 pertsona apuntatu beharko dira. Izen ematea apirilaren 6an amaituko da (osteguna).

Autobusa ordaintzeko falta den dirua Udalaren eta Korrika ttikiko antolatzaileen artean ordainduko da eta Korrika ttikian ateratzen den gainerako dirua, AEK-ra bideratuko da.