Medikuaren Etxe Zaharra

Hirugarren eta azken enkante publiko honetan, udalak bi eskaintza jasotzeaz gain, sesta eskakizuna egon da.

Martxoan, Goizuetako Udalak hirugarren aldiz eta azken eskaintza moduan, medikuaren etxe zaharra enkantera atera zuen. Aurreko enkanteetan ez zuen arrakastarik izan eta azken enkante publiko honetan, dataren barruan bi eskaintza jaso ziren udaletxean. Azken enkante honen inguruko informazio eta datu guztiak martxoaren 13an argitaratutako albistean daude, baina zenbakiak gogora ekarriz, azken lizitazioaren zenbatekoa 60.126,50€ izan zen.

Prozesu honen baitan, udalean jasotako eskaintza horiek apirilaren 28ko astean ireki ziren eta beharrezko eskakizun guztiak betetzen zituztela aztertu ondoren, eskaintza ekonomiko altuenari esleituko zitzaion. Beraz hurrengo pausua, eskaintza ekonomikoa aztertzea izan zen, hau da, erosleetako bakoitzak eskainitako diru kopurua aztertzea. Eskaintza ekonomikoaren irekiera, maiatzaren 9an eguerdiko 12:30etan egin zen, Goizuetako Udalean.

Proposamen ekonomikoarekin irekiera publikoa egin ondoren, behin behineko esleipena eman zitzaion eskaintzarik altuenari, eskaintzaren zenbatekoa honakoa izanik: 65.150€. Hurrengo egunetan, behin-behineko esleipenari sesta emateko aukera egon zen, 2025eko maiatzak 15 bitarte. Egun horietan zehar, sesta eskakizuna egon zenez, maiatzaren 15ean berriro "proposamen" irekiera egin zen eta prezio berria 76.010€-tan ezarri da. 

Orain, maiatzak 21 eguerdiko 12:30ak bitarte, edonork eskaintza hobetetzeko aukera izango du. Prozesu guzti honi bukaera emateko, azken enkantea hau izango da eta proposamen ekonomiko altuena egingo duenarentzat izango da. Norbaitek prezio berria hobetuko balu, maiatzaren 21ean arratsaldeko 18:00tan, proposamen ekonomiko irekiera egingo da.